Skip to main content
  • Egin da Donostiako Txomin-Enea auzoan 109 etxebizitza babestu eraikitzeko lehen harria jartzeko ekitaldia.

  • Eredu horrek etxebizitza eskuratzeko aukera hobetzen du, espekulazioa geldiarazten laguntzen du eta pertsonen parte hartzea sustatzen du.

 

BIZIKIDE, S. COOP. etxebizitza kooperatibak, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak sustatutako lehiaketa publikoaren esleipendunak, otsailaren 15ean jarri du Donostiako Txomin-Enea auzoan erabilera lagapeneko erregimenean babes ofizialeko 109 etxebizitza eraikitzeko lehen harria.

Proiektua Gotzon Gondra Bizikoopeko idazkari nagusiak aurkeztu du. Ekitaldian parte hartu dute, gainera, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuorde Elena Perezek, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuorde Pedro Jaureguik, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko presidente Patxi Olabarriak eta Arrasate Taldeko zuzendari nagusi Pello Sologaistoak.

Horrela, BIZIKIDEk, zeina Grupo Arrasate Taldeak kudeatzen baitu eta Etxebizitza Kooperatiben Federazioan-BIZIKOOPen barrua baitago, Euskadin egiten den erabilera lagapeneko etxebizitzen lehen sustapena eraikitzeari ekin dio. Gainera, gizartearentzat garrantzi eta balio handieneko esperientzia izango da Euskadin eta Estatuan, eta, seguruenik, formula horretan oinarritutako etxebizitzen beste sustapen batzuk ekarriko dituela.

Proiektu hau lankidetza publiko-pribatuari esker ere sortu da, horretarako, Eusko Jaurlaritzak bere jabetzako partzela bat laga behar baitu 75 urtez. Horrela, administrazio publikoak bultzatu nahi duen eta aspalditik Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak zein BIZIKOOPek aldarrikatzen duten eredu bati erantzuten zaio, gazte askok ekonomikoki lehen etxebizitza eskuratzeko aukera errazago izan dezaten.

Ezpekulaziorako biderik ez

Espekulaziorako bidea ematen ez duen eredua da, izan ere, lurraren eta higiezinen jabetza, lagapena edo eskubideak kooperatibarenak dira eta kooperatibako bazkideek, ordea, espazio pribatu eta gune komun guztiak erabiltzeko eskubidea dute. Aldi berean, gainera, bazkideak etxebizitzarekiko eta sustatutako gainerako elementuekiko duen lotura sendotuta, ekimen sustatzailea printzipio kooperatiboekin bateragarri eginda, eta sozietate kooperatiboaren egonkortasuna eta jarraitutasuna erraztuta, haren erregimenari balioa kendu gabe, bazkide bakoitzari prestazio pertsonalizatuagoak eta bere beharretara egokituagoak emateko.

Sustapen honen berezitasun nagusia, beraz, hauxe da: etxebizitzak eta horien eranskinak ez zaizkie bazkideei esleitzen, ez jabetzan, ez azalera eskubidean, ezta alokairuan ere.

Esleipenarekin, Kooperatibak bere bazkideei lagako die etxebizitza eta haren eranskinak 75 urtez erabiltzeko eskubidea (epe horretan Eusko Jaurlaritzak partzelaren azalera eskubidea besterendu du), eta une oro kooperatibaren esku egongo da sustapena osatzen duten elementu guztien jabetza.

Bazkide kooperatibistek, era berean, erabilera lagapen horrengatik, hilero zenbateko edo kanon bat ordainduko diote kooperatibari, eta, diru kopuru horretan, kooperatibak Abanca finantza erakundearekin obrak egin ahal izateko kontratatu duen 30 urterako maileguaren kuotaz gain (amortizazioa gehi interesak), eraikina mantentzeko komunitate gastuen eta erreserba funtsaren kontzeptuak egongo dira sartuta.

106 bazkide

Kooperatiba 106 bazkidek osatzen dute, zeintzuek, etxebizitza babestua eskuratzeko legez ezarritako baldintzak betez, denbora errekorrean eskuratu zuten lagapen hartzailearen izaera, bere garaian egindako zozketa publikoaren ondorioz, merkatuan etxebizitza horiek harrera ona eta onarpena izan zutela erakutsita.

Lehen harria jarrita, sustapenaren lehen faseari emango zaio hasiera, eraikuntza proiektuaren gauzatze materialari, zeina 2026ko urtarrilean bukatzea aurreikusten den, eta, jarraian, bigarren faseari ekingo zaio, sustatutako elementuen erabilera bazkide lagatzaileei benetan lagata 2026ko udaberrian, lehen okupaziorako lizentzia lortu ondoren, eta ondoren 75 urtez erabilera lagapeneko erregimen kooperatiboan kudeatuta.