Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren osoko bilkurak, 2023ko uztailaren 20an, gaur egun indarrean dagoen “Euskal kooperatibetan gatazkak konpontzeko prozedurari buruzko erregelamendua” indargabetzea eta “Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren arbitraje erregelamendu” berria onartzea erabaki zuen. Erregelamendu berri bat onartzeko arrazoia zera da: zerbitzua ematen hainbat hamarkadatan metatutako esperientziaren ondorioz, zerbitzuak, bere zorroztasun juridiko eta prozedurazkoagatik, ospe handia hartu badu ere kooperatiben munduan, esperientzia horrek hobetzeko moduko alderdi batzuk identifikatzeko balio izan du, etengabeko hobekuntza helburu. Hala, Erregelamenduaren hainbat artikulutan, prozedurazko eta teknika juridikoko hobekuntzak sartu dira, baita eboluzio teknologikoak gaur egun segurtasun juridiko egokiz erabiltzeko aukera ematen duten mekanismo telematikoak eta hizkuntza inklusiboa ere.
Lehen berritasun orokor nabarmenena da arbitraje erregelamendutik kanpo geratu dela kontziliazioen arau esparrua, kontziliazioak konpontzeko erabilitako denbora eta baliabideak optimizatzeko. Beraz, kontziliazioak eta, hala badagokio, bitartekaritzak, arbitrajearena izango ez den prozedura desberdin bat izango dute, eta zerbitzu horiek, bai eta prebentzio eta prestakuntza zerbitzuak ere, zuzenean eskainiko ditu Kontseiluak berak.
Euskadiko Arbitraje Kooperatiboko Auzitegia
Nabarmentzekoa den beste berritasun bat zera da: arbitraje sistema orain arte arbitroen zerrenda batean oinarritzen zen, arbitrajeak banaka ebatzi dituztenen zerrenda batean, hain zuzen ere. Erregelamendu berriarekin, berriz, sistema hori ezabatu eta arbitraje auzitegi bat sortuko da, Euskadiko Arbitraje Kooperatiboko Auzitegia izenekoa. Kide anitzeko organo bat izango da, eta izen handiko pertsonek osatuko dute, independenteek eta euskal kooperatiba zuzenbidean nahikoa autoritas edukiko dutenek. Auzitegi horrek interpretazio doktrina bakarra sortuko du, segurtasun juridikoa emango die eragileei, eta independentziatik jardungo du bere funtzioei dagokienez.
Erregelamendu berria Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogeita hamar egun balioduneko epean jarriko da indarrean, aurreikuspenen arabera, uda ostean. Ordura arte, indarrean egon den erregelamendua aplikatuko da. Gainera, erregelamendu berria indarrean jarri aurretik hasitako prozedurak aurrekoaren bidez arautzen jarraituko dira.