MONDRAGON City Challenge lehiaketaren finala jokatu zuten apirilaren 10ean Arrasateko Amaia antzokian. Ekintzailetza Kooperatiboaren Nazioarteko Lehiaketako bi lan sarituak honako hauek izan dira: 16-18 urte artekoen kategorian, Ounjé (Kolonbia); eta 19-24 urte artekoen kategorian, Dianor (Mexiko). Lehenek Parisera bidaia irabazi dute; bigarrenek, Kanadara.
MONDRAGON City Challenge lehiaketaren hirugarren edizioko parte- hartzaileek enpresa-proiektu bat hutsetik sortzeko desafioari aurre egin behar izan diote, honako erronka hauetako edozeini helduz: erronka teknologiko eta digitala; osasun- eta gizarte-arloko erronka; edo erronka energetiko eta klimatikoa.
Ezinbesteko baldintza izan da taldeak garatzen duen proiektua kudeaketa-eredu kooperatibo batean oinarrituta egotea. Talde finalistek epaimahai profesional baten aurrean defendatu zuten proiektua.
Kooperatiben Kontseilua, Konfekoop, El Diario Vasco, Arrasateko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, MONDRAGON korporazioa eta Mondragon Unibertsitatea erakundeek antolatzen dute lehiaketa eta enpresa aholkularien artean egon dira Laboral Kutxa, Eika, Danobatgroup, Onnera group, Lana, Krean, Erreka, Fagor Automation eta Fagor Healthcare.
Irabazleen proiektuak
OUNJÉ (Kolonbia)
OUNJÉ Puerto Giróngo (Apartadó) jatetxe ekoturistiko eta komunitario bat da, gastronomia afrikarra eta esperientzia kultural eta ekologikoak uztartzen dituena. Haren ikuspegiak herentzia afrokolonbiarra eta garapen iraunkorra sustatzen ditu. Kultura eta jasangarritasuna uztartzen ditu, finantza, gizarte eta ingurumen bideragarritasuna bermatzeko.
DIANOR (Mexiko)
Dianor larrukigintzako marka bat da, RFID babesa duten zorroak diseinatzen dituena. Teknologia horrek seinale elektromagnetikoak blokeatzen ditu, kontakturik gabeko txartelen datuak lapurtzea saihesteko. Produktu bakoitzak artisautza, diseinua eta landare-azala bezalako material ekologikoak konbinatzen ditu.
Finaletik kanpo geratu ziren 14 taldeen artean aukeratu zuten Originaltasunaren Sariaren irabazlea: JIA proiektua. Pertsona mutuen komunikazioa errazteko pentsatuta dagoen proiektua aurkeztu zuten: eskularru berezi bat da eta honen bitartez zeinu hizkuntza itzultzen da aplikazio baten bidez. Iñigo Albizuri MONDRAGONeko Kanpo Harremanetarako zuzendariak eman zien saria.
Hirugarren edizioa zenbakitan
- 572 parte-hartzaile
- 182 ekipo
- 7 herrialde ordezkatuta
- 20 proiektu kooperatibo garatuta
Iturria: TU Lankide.