Skip to main content

Bigarren urtez, UPV/EHUko uda ikastaroetako bat antolatu du enpresa kooperatiboari balioa emateko

Euskal kooperatiba batzuek erronka demografikoari lotuta dituzten esperientziak erakutsi dituzte, aukera ekonomiko eta sozial gisa

‘Kooperatibaren erantzunak egungo gizartearen erronken aurrean’ da, UPV/EHUko programazioaren baitan, bigarren urtez jarraian, KOOPERATIBEN KONTSEILUAk bultzatu duen uda ikastaroaren izenburua. Munduan gertatzen ari diren eraldaketen aurrean, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak euskal enpresa kooperatiboek duten posizio positiboa aztertu eta ikusarazi nahi izan du.

Patxi Olabarria KOOPERATIBEN KONTSEILUko presidenteak eman dio hasiera ikastaroari, eta Elena Perez Barredo Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak ere parte hartu du.

Egunaren lehen zatian bi hitzaldi aurkeztu dira, egungo erronka erabakigarrienei buruz: jarduera ekonomikoen etorkizuna eta erronka demografikoa.

Prospektiker – Prospektiba eta Estrategiaren Europako Institutuko zuzendari Ibon Zugastik joera ekonomiko globalen egungo egoera aztertu du, oinarri industrialeko euskal enpresa kooperatiboen kasuko zehaztapena bilatzeko, errentaren birbanaketaren eta elkarlanezko enpresa proiektuen garapenaren adibide gisa, munduko beste eskualde batzuetarako.

Begirune Fundazioko presidente Xabier Aierdik, berriz, Euskadik aurrean duen erronka demografikoaren azterketan sakondu du, Europako eskualde zahartuenetako bat baita, eta gertatzen ari diren migrazio prozesuen rola ere aztertu du. Aierdik azaldu du immigrazioa gure gizartearen arazo estrukturalen irtenbidea izan daitekeela.

Ikastaroaren bigarren zatian, hainbat esperientzia kooperatibo ezagutarazi dira, zehazki erronka demografikoarekin lotutakoak. SSI taldearen, Bihar Homecareren eta Ikerlanen ordezkariek zahartzeari, gazteriari eta talentua erakartzeari lotuta enpresa kooperatibo gisa dituzten proiektuak azaldu dituzte.

Eguna bukatzeko, MONDRAGON zentro korporatiboko gestio sozialeko zuzendari Zigor Ezpeletak hitzaldi bat eman du. Hitzaldian, egungo egoera sozioekonomikoa testuinguruan kokatu du, fokua gizarte ekonomiak erronkei aurre egiteko duen moduan eta etorkizunean datorkigun eraldaketari arrakastaz ekiteko ezar daitezkeen estrategietan jartzeko.

Argazki albuma: ‘Kooperatibaren erantzunak egungo gizartearen erronken aurrean’.