Skip to main content

Enpleguko eta Eskubide Sozialetako Europako komisario Nicolas Schmitek jasoko du saria, azaroaren 13an Donostiako Kursaalean 18:30ean egingo den galan.

Sari banaketaren ekitaldian, Sinfonia Kooperatiboa interpretatuko da, zeinak kooperatiba munduaren balioak transmititu eta goratzen dituen.

Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Gorenak, Kooperatiben Kontseiluak, Europako Batzordeari emango dio Denon Artean Saria, sari horren hirugarren edizioan.

Sariak aitortu egiten du enpresa eredu desberdin baten alde eta sozialagoa den, aberastasuna hobeto banatzen duen eta bidezkoagoa eta justuagoa den enpresa eredu bat lortzeko aritutako pertsonek eta erakundeek egindako lana. 2018An sariaren lehen edizioa, Jose Maria Arizmendiarrietari eman zitzaion saria, hil ondorengo sari gisa, eta 2021ean Nazioarteko Aliantza Kooperatiboari (ACI) eman zitzaion.

Europar Batzordea ordezkatuz, Enpleguko eta Eskubide Sozialetako Europako komisario Nicolas Schmitek jasoko du saria, datorren astelehenean, azaroak 13, Donostiako Kursaal jauregian 18:30ean egingo den galan.

Denon Artean sariaren 2023ko edizioak “Gizarte Ekonomiari buruzko Europako Konferentzia: Pertsonak, Planeta, Ekintza” du testuinguru, zeina Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak antolatu baitu, Europar Batasuneko Kontseiluaren Lehendakaritza espainiarra izanik.

Lan eta Gizarte Ekonomiako ministro eta Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteorde Yolanda Diazek eta Iñigo Urkullu lehendakariak Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari lagunduko diote euskal kooperatibismoaren saria banatzen. Ekitaldian, halaber, enpresa kooperatiboen, Europako agintarien, autonomia erkidegoetako ordezkarien eta Estatuko eta Europako kooperatiba erakunde eta gizarte ekonomiako erakunde garrantzitsuenetako ordezkarien ordezkaritza nabarmena izango da.

Zeremonia horretan, Sinfonia Kooperatiboa ere interpretatuko da, salbuespen gisa. Sinfonia hori Humanity At Music kultur proiektuaren parte da, eta MONDRAGONek Kooperatiben Kontseiluari laga dio, une garrantzitsu honetarako, kooperatiben munduko balioak transmititzeko eta ospatzeko.

Fernando Velazquezek zuzendutako orkestra batek interpretatuko du Sinfonia Kooperatiboa, eta Goikobalu Arrasateto Abesbatzak, Iubilo Bilbao Abesbatzak eta Txorbela Otxoteak ere hartuko dute parte.

Euskal kooperatibismoa, Europako eta munduko erreferentea

Europak ia 180.000 enpresa kooperatibo ditu, 140 milioi kide baino gehiagorekin. Europar Batasunean, zehazki, bost pertsonatik bat kooperatiba bateko kidea da, eta horrek erakusten du ekintzailetza kolektibo, demokratiko eta solidarioaren alde egiten den apustua.

Europar Batasunak gizarte ekonomiari eta kooperatibei egiten dien ekarpena Gizarte Ekonomiaren Europako Ekintza Planean islatzen da. Plan horren bidez, enpresa mota hori haz dadin baldintza onuragarriak bultzatzen dira eta enpresa horien ahalmenari buruzko kontzientzia sortzen da, horren ondorioz kalitatezko enpleguak sortzeko, berrikuntzari laguntzeko eta gizarteratzeko.

Estatuko, Europako eta munduko kooperatiben munduan izaera publiko-pribatuko erakunde bakarra den aldetik, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak euskal kooperatiben mugimendu osoa ordezkatuko du hitzordu honetan.

Kooperatiben Kontseilua duela 40 urte sortu zen, euskal kooperatiben ehunak euskal enpresa sarean duen garrantziagatik. Eta Denon Artean saria dela eta, euskal enpresa kooperatiboek duten indarra erakutsi du berriro ere, Gobernuen, Europako Erakundeen, gobernu autonomikoen, Estatu Kideen, ELGAren, LANEren eta planetako bazter guztietako Gizarte Ekonomiako enpresa liderren aurrean.

Denon Artean Saria 2023