M8aren ospakizuna: Kooperatiba gehiago, berdintasun gehiago.
Elkarrekin ahaldunduz, historia sortuz: kooperatiba gehiago, berdintasun gehiago. Lelo hori erabili dute Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak – KOOPERATIBEN KONTSEILUA– eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak – KONFEKOOP– Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzeko.
Gasteizko Goiuri jauregian ekitaldi hunkigarria egin da, eta bertan omenaldia egin zaie kooperatibismoaren eta feminismoaren historian laguntzen aitzindari izan diren emakumeei. “Berdintasuna kooperatibismoaren DNAn dago, eta enpresa eredu demokratiko, solidario eta ekitatibo bat eraikitzeko oinarritzat hartzen dugun balioetako bat da”, azpimarratu dute Rosa Lavinek, KONFEKOOPeko presidenteak, eta Belen Balerdik, KOOPERATIBEN KONTSEILUKO idazkari nagusi teknikoak.
“Gure gizarte honetan aurrerapenak egin diren arren, oraindik ez dugu benetako berdintasuna lortu. Horregatik da hain beharrezkoa ikuspegi feminista izatea eraldaketa sozial honetan, baita eraldaketa digitalean ere”, azpimarratu du Rosa Lavinek.
Zentzu horretan, Belen Balerdik eremu teknologikoan eta profesionalean emakumeen presentzia handiagoa izatea aldarrikatu du. “Ikasgelak, unibertsitateak eta ikerketa zentroak emakumez bete behar ditugu, genero ikuspegia izatea beharrezkoa baita gure bizitza, harremanak izateko ditugun erak eta enpresa egiteko, enpresa kooperatiboa egiteko, ditugun moduak eraldatzen ari den aurrerapen teknologiko honetan”.
Gaur egun, kooperatiben munduan emakumeak nagusi dira sektore batzuetan, eta, oro har, bazkideen eta langileen %53 dira. “Era berean, erantzukizuneko karguetan aurrera egiten jarraitzen dugu, eta 10 kooperatibatik 4k emakume bat dute lehendakari; gainera, urtetik urtera gehiago dira euskal kooperatibetan ezartzen ari diren berdintasun planak, balio handiko tresna diren heinean”, gogora ekarri du KONFEKOOPeko presidenteak.
OMENALDIAK
XX. mendearen hasieratik gaur arte, ehunka emakume izan dira euskal kooperatibismoaren parte, eta bere lanarekin eta ahaleginarekin Euskadi justuago bat egiten lagundu dute. Emakume horien guztien ordezkari gisa, hamarkada bakoitzeko aitzindariei aitortza egin zaie, hiru une historikotan:
- 1910etik 1969ra. Hamarkada horietan, non emakumearen egoera hainbat etapatatik igaro baitzen, esaterako, Bigarren Errepublikaren askatasunetik eta frankismoaren zapalkuntzatik ere, aitortza egin zaie Jesusa Oregui Madariagari (Cooperativa de Consumo Placencia– 1910), Juliana Ruiz de Viñaspre Susori (Cooperativa Agraria San Roque-50eko hamarkada) eta Leonor Berezibarri (Mondragon Goi Eskola Politeknikoa, 60ko hamarkada). Horrez gain, Itziar eta Lurdes Mujika Lasagabasterrek (Fagor Arrasate), Elena Arrieta Berecibarrek (Laboral Kutxa) eta Pili Saiz Guixenek (ULMA) emandako testigantzak izan dira. Ikusi Emakume Kooperatibista antzindariak 1910-1969 bideoa.
- 1970etik 1999ra. Hiru hamarkada horietan, non aldaketa sozial handiak gertatu ziren eta emakumeak lan bizitzan sartzen hasi baitziren pixkanaka, aitortza egin zaie Garbiñe Beristain Juaristiri eta Begoña Sorazu Arosteguiri (Pedro Migel Urruzuno – Elgoibar Ikastola– 1970); Kontxi Satrustegui Martijari (Arrospe, S.Coop. -1980) eta Arantza Alzola Galdosi (LKS S.Coop. – 1990). Horrez gain, Nieves Agirre Zugastik (Lana S.Coop), Bego Bengoa Larrakoetxeak (KIRIKIÑO ikastola) eta Elena Gil Crespok (KOOPERA ingurumen zerbitzuak) emandako testigantzak izan dira. Ikusi Emakume Kooperatibista antzindariak 1970-1999 bideoa.
- 2000tik 2023ra. Oraingo garaian, jarduera sektore asko eta askotarikoetan emakumeek gidatutako kooperatiben garapena nabarmentzen da. Horien adibide gisa, aitortza egin zaie Ariane Estiballes Arrate, Eider Arbaizagoitia Uriarte, Katixa Arteaga Olabarria eta Miren Goiria Larreari (Grafik Sarea Scoop– 2000), Maria Pilar Pol Garciari (Databost Scoop– 2010) eta Ainhoa de Eguia Lopezi (ADESIO Scoop-2020). Gainera, Maria Dolores Sanzek (Petra S.Coop), Ainhoa Esnaola Mendizabalek eta Miren Fernandez Larrañagak (TZBZ Scoop), Vanessa Berriusok (Euskaber. Scoop) eta Mertxe Barrena Meazak (ZUREALDE Koop.) emandako testigantzak izan dira. Ikusi Emakume Kooperatibista antzindariak bideoa: 2000-2023.
Ekitaldian, halaber, ordezkaritza instituzional handia egon da. Idoia Mendia lehendakariordeak ekitaldi instituzionalari hasiera eman dio, eta Nerea Melgosa Berdintasun sailburuak bukaera, eta haren aurretik Ana Lopez de Uralde Gasteizko Udaleko Berdintasun zinegotzia eta Jone Berriozabal Arabako Berdintasunerako foru diputatua egon dira.
Ekitaldiaren amaieran Virginia Imaz pailazoaren emanaldia izan da.
Argazki bilduma: ikusi ekitaldiaren argazki guztiak.
Laburpen-bideoa: ikusi bideoa.