KOOP2040 proiektua amaiera baino gehiago hasiera partekatu baten gisara aurkeztu da. Azken hilabeteetan egindako hiru lan saioetan parte hartutako gogoeten emaitzak plazaratu dira, baina helburua argia da: datozen urteetan elkarrizketa eraldatzaile bat piztea.
Kooperatibismoaren tradiziotik eta gaur egungo erronketatik abiatuta, proiektuak etorkizun inklusibo, justu eta jasangarri bat irudikatzeko gonbita egiten du. “Ez gaude aldaketa baten atarian; eraldaketaren lehen urratsak dagoeneko egin ditugu”, adierazi dute arduradunek.
Erronka nagusiak
Azken hilabeteetan aztertutako joerek hainbat erronka luzatu dituzte:
- Aniztasunaren integrazioa aukera gisa baliatzea.
- Biztanleriaren zahartzeari eta belaunaldi-erreleboari aurre egitea.
- Talentu gaztea erakartzea, bereziki profil teknologikoetan.
- Eraldaketa digitalaren eta adimen artifizialaren aukerak eta arriskuak kudeatzea.
- Lehentasun sozial berrietara egokitzea: ongizatea, malgutasuna eta bizitza-proiektu duinak.
Lau proposamen estrategiko
KOOP2040k lau norabide nagusi proposatu ditu, epe luzeko ikuspegiarekin:
- KOOPLab – Kooperatibismoa balio sozial berrietara egokitzeko ikaskuntza eta berrikuntza gunea.
- KOOPGertu – Gizarterako komunikazio eta kontakizun berria eraikitzeko estrategia.
- KOOPTalentu NETWORK – Talentua garatu eta belaunaldi berrien lidergoa indartzeko ekimena.
- KOOPekintzailetza – Ekintzailetza kooperatiboa bizkortzeko plataforma.
Lankidetzatik etorkizuna eraiki
Euskal kooperatibismoaren indarra datuetan ere islatzen da: 2.500 kooperatiba baino gehiago eta 62.000 langiletik gora, kohesio eta jasangarritasun handiagoarekin errotzen diren lurraldeetan.
KOOP2040k, hortaz, bide-orri partekatu bat proposatzen du: erronka handiei elkarrekin aurre egitea, mundu osoan antzeko kezka eta bokazioak dituzten eragileekin sarean. “Izan ere, Arizmendiarrietak esaten zuenez, “oraina eta etorkizuna ez dira inprobisatzen, prestatu egiten dira, landu egiten dira, saiatuta eta buruz eraikitzen dira”. Eta gaur, inoiz baino gehiago, arima, errotzea, etika eta proiektu partekatua behar ditugu.” nabarmendu da.
Egin klik hemen ekitaldiko argazkiak ikusteko.