Skip to main content
  • Bakartxo Tejeria presidenteak jaso du saria, Imanol Pradales Lehendakariak ere parte hartu duen ekitaldian

  • Sariaren laugarren edizio hau Kooperatiben Nazioarteko Urtearekin bat dator

 

Donostia, 2025eko maiatzaren 28a. Kooperatiben Kontseiluak, Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Gorenak, Denon Artean 2025 Saria eman dio Eusko Legebiltzarrari, euskal kooperatibismoaren lege- eta gizarte-sendotzean izan duen funtsezko zeregina aintzatesteko.

Sari honen laugarren edizioa urte bereziki sinboliko batean egin da —Kooperatiben Nazioarteko Urtean, Nazio Batuek deklaratua—, eta enpresa-eredu sozialago, ekitatiboago eta bidezkoago batekin konprometitutako pertsonen eta erakundeen lana aintzatesten du.

Donostiako Victoria Eugenia antzokian egindako sariemate ekitaldian, Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeriak jaso du saria, saria eskertuz eta ganberaren eta kooperatibismoaren arteko lotura historikoa azpimarratuz: “Sortu zen unetik beretik, Eusko Legebiltzarra inplikatuta egon da euskal mugimendu kooperatiboarekin”. Tejeriak nabarmendu du, gainera, herri subiranotasunaren gordetzaile gisa, ganberak “Euskal Herriaren sentimendua islatzen” duela eta kooperatiben munduaren beharrei erantzuteko ardura hartu duela bere bost hamarkadetako ibilbidean zehar.

 

Kooperatiben Kontseiluko presidenteak, Patxi Olabarriak, Legebiltzarraren funtzio instituzionala nabarmendu du, adostasunerako gune eta legegintza-motor gisa, eta gogorarazi du Eusko Legebiltzarraren lehen legeetako bat Kooperatiben Kontseilu Gorena sortzea izan zela. “Ez da kasualitatea. Euskadik pertsonak erdigunean jartzen dituen eredu baten alde egin zuen, aldaketen aurrean egokitzeko gaitasuna eta sektore guztietarako erabilgarritasuna erakutsi duena: industria, hezkuntza, finantzak, kontsumoa, zerbitzuak…”.

Imanol Pradales Lehendakariak eman dio amaiera ekitaldiari, eta kooperatiben, politikaren eta gizartearen arloetako ordezkaritza zabala bildu da bertan.

Aurreko edizioetan José María Arizmendiarrieta (2018), Alianza Cooperativa Internacional (2021) edo Europako Batzordea (2023) bezalako figura eta erakundeak saritu dituen sari honekin, Kooperatiben Kontseiluak kalitatezko enplegua sortzen duen, jasangarritasuna bultzatzen duen eta oinarritik parte-hartze aktiboa sustatzen duen enpresa-eredu batekiko konpromisoa berresten du.

 

Kooperatiben Kontseilua Logoa
Privacy Overview

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu kontsumitzaileari ahalik eta esperientzia onena eskaintzeko asmoz. Cookie informazioa zure bilatzailean gordetzen da funtzio zehatz batzuk betetzeko, hala nola, gure webgunera itzultzean zu ezagutaraztea eta zuretzat gure webguneko atal interesgarri eta erabilgarrienak identifikatzeko.