Gaur, Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak dokumentua izenpetu du Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren egoitzan.
Asmoen eta lankidetzan aritzeko akordio hau lankidetza publiko-pribaturako tresna bat da euskal ekonomiaren hazkunde iraunkorrean laguntzeko.
Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak (Konfekoop) eta Eusko Jaurlaritzak kultura kooperatiboaren garapenarekin duten konpromisoa berretsi dute, asmoen eta lankidetzan aritzeko beste akordio bat izenpetuz.
Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak, Patxi Olabarria Goren Kontseiluko presidenteak eta Rosa Lavin Konfekoopeko presidenteak dokumentu hau izenpetu dute, enpresa kooperatiboak bultzatzeko eta, horren bidez, Euskadiren garapen ekonomiko eta sozialean laguntzeko ahaleginak bateratzeko helburuarekin, enpresa kooperatiboak horretarako ezinbesteko eragile dira-eta.
Akordioaren helburua da lankidetza estua sustatzea Euskal Kooperatiben Mugimenduaren ordezkaritza instituzionalerako, enpresa berriak eta enplegua kooperatiben esparruan sustatzeko, baita elkarren arteko lankidetza eta finantza tresnak eta pertsonen garapena eta gaikuntza indartzeko ere. Akordioarekin, halaber, euskal kooperatibismoa ezagutaraztea, kultura kooperatiboa eta gobernu onaren kodeak garatzea eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua indartzea ere bilatzen dira.
Lankidetza publiko-pribaturako tresna publiko honekin, Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Kooperatiben Mugimenduak helburu partekatu bat gauzatzea bilatzen dute, helburu hau, alegia: hazkunde ekonomikoa pertsonaren garapen integralarekin bateratzea, horrekin gizarte iraunkorragoa eta kohesionatuagoa eraikitzen laguntzeko.
Asmoen eta Lankidetzan aritzeko akordio hau da Goren Kontseiluaren 40 urteko historian izenpetu den hirugarrena. Aurretik, 2005ean eta 2014an izenpetu ziren; beraz, dokumentu berri honek egungo une sozial eta ekonomikora eguneratzea eta egokitzea dakar.
Kooperatiben Kontseiluak eta Konfekoopek ere laguntzen jarraituko dute, kooperatibismoa sustatuz eta hedatuz, pertsonek aukera gehiago eduki dezaten enpresa iraunkorrak eraikitzeko, epe luzera enpleguak eta oparotasuna sortzeko, justizia eta berdintasuna lehenesten dituzten balio eta printzipioetan oinarrituta.
Euskal Kooperatiben Mugimenduak, halaber, nazioartean dituen sareak jarri ditu Eusko Jaurlaritzaren esku, Euskadik nazioartean duen proiekzioari balioa emateko, Basque Country indartuz eta, horrela, proiektu berriak Euskadira erakar ditzaketen harreman interesgarriak bultzatuz.