Euskadiko aniztasuna eta migrazioa, batetik, eta biztanleriaren zahartzea, bestetik, izan ziren eztabaidagai Koop 2040 foroaren lehen saioan, joan den otsailaren 4an, ArantzazuLaben.
55 kooperatibistek parte hartu zuten azken urteotan munduaren ordena aldatzen ari diren erronka sozial, ekonomiko, politiko edo ingurumenekoen aurrean kooperatibek duten zeregina zehazteko ekimenean.
Patxi Olabarria Kooperatiben Kontseiluko presidenteak lehen saioaren sarreran adierazi zuenez, “gure herrialdean agerikoak dira aldaketak, hala nola gizartearen zahartzea, gazteen eta ez hain gazteen artean gertatzen ari den balio-aldaketa, krisi klimatikoa, migratzaileen etorrera, belaunaldi-aldaketa edo adimen artifizial generatiboa ekoizpen-prozesuetan sortzen ari den eragina”. Erronka horien guztien aurrean prest egon behar dute kooperatibek, eta erantzun bat eman.
Koop 2040 foroaren lehen saioan Agustin Markaide Eroskiko presidente ohiak eta Julia Shershneva Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiko soziologoak hartu zuten parte.
Agustin Markaidek adierazi zuenez, kapitalismo liberalaren gorakadaren aurrean, gizarte-lankidetzak garrantzi handiagoa hartzen du. “Gizarte askok norberekoikeriarako eta orainerako norabidea hartu dute, ‘ni-orain’ binomioan zentratuz. Espiritu kooperatiboa horren kontrakoa da: kooperatiboagoa da zenbat eta zabalagoa izan ‘gu’ eta zenbat eta urrunago begiratu ‘bihar’ “.
Era berean, kooperatibek potentzial handia dutela defendatu zuen, baina eragina irabazteko balaztak kendu behar ditugula. “Euskadin 3.600 kooperatiba baino gehiago daude, zergatik ez gara erabakigarriagoak?”, galdetu zuen. Horretarako, ekosistema sinergiko egonkorrak sustatzeko beharra azpimarratu zuen.
Inmigrazioa eta lan-merkatua
Julia Shershnevak, bestalde, ‘Inmigrazioa eta lan-merkatua: errealitatea eta erronkak’ azterlanetik ateratako datuak partekatu zituen. Horrela, 2023an, EAEko biztanleen % 12,4 etorkinak ziren (2000n % 1,7 ziren) eta, jatorrizko herrialdeei dagokienez, migratzaile gehien ekartzen dituzten herrialdeak Maroko, Kolonbia, Errumania, Nikaragua eta Venezuela dira. Urte horretan, EAEn izandako jaiotzen % 18 ama atzerritarrenak izan ziren.
Gainera, % 73,6k zerbitzuetan lan egiten du, % 12,5ek industrian, % 11,7k eraikuntzan eta % 2,2k nekazaritzan. Emakumeen kasuan, zerbitzu-sektoreko langileen ehunekoa % 94,9koa da.
Era berean, biztanleria migratzailearen % 62,6 okupatuta dago, eta % 22,6 ez aktibo. Ikasketa-mailaren arabera, gizonen % 34,4k eta emakumeen % 29,5ek lehen mailako ikasketak dituzte; gizonen % 48,8k eta emakumeen % 47,9k, bigarren mailakoak; gizonen % 16,8k eta emakumeen % 22,6k goi-mailako ikasketak dituzte (2022ko datuak).
Azkenik, EAEn sektore jakin batzuetako lanpostuak betetzeko etorkinak behar direla esatean ados zauden galdetuta, % 69,8k baietz erantzun zuten.
Koop2040ko hurrengo hitzordua martxoaren 11an izango da eta gaia: ‘Balio berriak gizartean, joera berriak lanarekiko’.
Agustin Markaide
Julia Shershneva