Ostegun honetan aurkeztuko da ofizialki AzpeitiKoop, herriko ekosistema kooperatiboa indartu eta sareko eragileen arteko lankidetza sustatzeko sortu den kooperatiba berria. Proiektua hainbat hilabetetako lanketa prozesuaren emaitza da, eta bertan parte hartu dute Azpeitiko kooperatibek, Udalak, herritarrek eta bestelako eragileek .
Azpeitiak tradizio eta presentzia kooperatibo handia izan du urte luzez, baina sustatzaileen ustez beharrezkoa zen sektore eta errealitate ezberdinetako kooperatiben arteko harremanak estutzea, elkar hobeto ezagutzea eta etorkizuneko erronkei modu koordinatuan erantzuteko espazio bateratua sortzea.
Prozesuan industria, lehen sektorea, hezkuntza, kultura, energia, kirola eta komunikazio arloko kooperatibek hartu dute parte, eta azken hilabeteetan egindako batzar eta lan saioen ondoren, AzpeitiKoopen oinarriak eta lehen ekintza plana adostu dituzte.
Ekimenak erakusten du kooperatibismoak indar handia duela oraindik ere herri garapenerako tresna gisa, eta lankidetza, parte-hartzea eta komunitatearen ikuspegia direla etorkizuna eraikitzeko balio sendoak.

