Abian da Mondragon City Challenge Nazioarteko Ekintzailetza Kooperatiboko Txapelketaren laugarren edizioa. Ekimenaren helburua da eredu kooperatiboa belaunaldi berrietara hurbiltzea eta gazteen artean ekintzailetzarekin, lankidetzarekin eta enpresa-kudeaketarekin lotutako gaitasunak sustatzea.
Mondragon City Challengeren edizio berria irailaren 29an aurkeztu zen, Arrasateko Kulturaten. KOOPERATIBEN KONTSEILUA beste urte batez ekimenaren antolatzaileetako bat da, Eusko Jaurlaritzarekin, Arrasateko Udalarekin, KONFEKOOPekin, MONDRAGONekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Mondragon Unibertsitatearekin batera.
Txapelketa Batxilergoko, Erdi eta Goi Mailako Lanbide Heziketako eta unibertsitateko ikasleei zuzenduta dago, eta gazteei beren enpresa-ideiak ikuspegi kooperatibotik garatzeko aukera eskaintzen die.
Aurreko hiru edizioetako ibilbideak ekimenak lortutako irismena erakusten du: orain arte 374 taldek eta 1.100 gazte inguruk hartu dute parte, eta guztira 60 proiektu kooperatibo garatu dituzte.
Erronkatik proiektu kooperatibora
Parte hartzen duten taldeek edizio honetan proposatutako hiru esparru nagusietako bati erantzuten dioten proiektuak garatu beharko dituzte: erronka teknologiko-digitala, osasunaren eta gizartearen erronka, edo energiaren eta klimaren erronka.
Txapelketan zehar, parte-hartzaileek ekintzailetzarekin eta enpresa-kudeaketarekin lotutako gaitasunak garatzeko eta negozio-eredu kooperatibo bat sortu eta baliozkotzeko aukera izango dute. Horretarako, adituen eta ehun kooperatibo eta enpresarialari lotutako erakundeen laguntza izango dute.
Erakunde mentoreen artean daude Eroski, Danobat Group, Rural Kutxa, Erreka, Laboral Kutxa, Fagor Elektronika, Fagor Healthcare, Onnera Group eta Lana. Horrez gain, ASEKOOPeko profesionalen eta Arizmendiarrietaren Lagunak elkarteko kideen tutoretza izango dute taldeek.
Izen-ematea, urriaren 25era arte zabalik
Txapelketa datozen hilabeteetan garatuko da hainbat fasetan, hasierako ideien aurkezpenetik eta proiektuen garapenetik hasi, eta azken ebaluazio eta defentsara arte.
Hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 25era arte egongo da zabalik. Ondoren, proiektuak hautatzeko eta garatzeko faseak etorriko dira. Prozesua elkarbizitza-aste batekin eta azken ekitaldiarekin amaituko da; finala 2027ko apirilaren 23an egingo da, Arrasateko Amaia Antzokian.
Mondragon City Challenge bezalako ekimenen bidez, KOOPERATIBEN KONTSEILUAk kooperatibismoa belaunaldi berrietara hurbiltzen laguntzen du, gazteek haren balioak ezagutu eta eredu kooperatiboa beren ideiak enpresa-proiektu bihurtzeko aukera gisa ezagut dezaten.

