Skip to main content

KOOPERATIBEN KONTSEILUAren 2026-2028 Plan Estrategikoaren helburuetako batek, KOOP LABek, eredu kooperatiboa berrirudikatzea eta gizartean dauden balio berriak txertatzea du xede, erakunde aurreratuak izaten jarraitzeko apustua eginez. Horretarako, azken hilabeteetan hainbat azterlan egin ditu gazteen eta atzerritar jatorriko pertsonen itxaropenak ezagutzeko, Euskadin belaunaldi-erreleboa bermatzeko ezinbestekoak diren bi kolektibo baitira.

Aurretik egindako hainbat inkesta, «Gazteek lana nola ulertzen duten» aztertzen duen ikerketa soziologiko kuantitatibo bat eta gazteek zein migratzaileek enpresetatik zer espero duten jasotzen duen txosten bat uztartuta, KOOPERATIBEN KONTSEILUAk hainbat ondorio atera ditu. Horien bidez, enpresa kooperatiboek errealitate sozial, teknologiko eta ekonomiko berrietara egokitzeko har ditzaketen neurriak identifikatu nahi ditu, kooperatibismoak etorkizuneko ekonomian lidergoa izan dezan laguntzeko.

Printzipioak konpromiso zehatz bihurtzea

KOOPERATIBEN KONTSEILUAk sustatutako azterlanek norabide bera erakusten dute: belaunaldi berriek zein migratzaileek benetako aukerak, lan-baldintza duinak eta etorkizunerako perspektibak eskaintzeko gai diren enpresak behar dituzte.

Aurreko ikerketetan, KOOPERATIBEN KONTSEILUAk dagoeneko antzeman zuen euskal gazteriaren balioek lotura zuzena dutela eredu kooperatiboaren balioekin. Azken txostenek ondorio hori berretsi dute, eta aukera estrategiko bat zabaldu dute kooperatibismoarentzat. Kontua ez da talentua erakartzea soilik, baizik eta pertsonek garatzeko, parte hartzeko eta bizi-proiektu bat eraikitzeko aukera izango duten inguruneak sortzea.

Tratu ona eta enpleguaren kalitatea, gazteen talentua erakartzeko gakoak

Txostenak adierazten du euskal gazteriaren zailtasunak ez direla enplegua lortzera mugatzen, lan-baldintzekin eta emantzipatzeko benetako aukerekin ere lotuta baitaude. Izan ere, ikerketa soziologikoaren arabera, % 44,5ek lanpostu finko eta egonkorra nahiago luke, eta % 27k enplegu publikoa aukeratuko luke. Hala ere, segurtasunaren eta interes profesionalaren artean aukeratu behar dutenean, emaitzak ia erdibituta daude: % 50,4k lan askeagoa edo interesgarriagoa nahiago du, egonkortasun txikiagoa izan arren; % 47,5ek, berriz, lan egonkorra aukeratzen du, hain erakargarria ez izan arren.

Gazteek oinarri sendo bat bilatzen dute beren bizi-proiektua eraikitzeko, baina autonomia, interesa eta garatzeko aukerak ere nahi dituzte. Egonkortasunak balioa izaten jarraitzen du, baina jada ez da nahikoa zentzurik gabeko edo bizitzarekin bateragarria ez den lan bat konpentsatzeko. Tentsio hori estuki lotuta dago emantzipatzeko zailtasunekin. Inkestatutako pertsonen % 51,4 gurasoekin edo beste senide batzuekin bizi da, nahiz eta % 47,4k datozen bi urteetan emantzipatu nahi duen. Emantzipatu nahi dutenen artean, % 55,4k etxebizitza identifikatzen du oztopo nagusi gisa. Hortaz, enplegua ezin da diru-sarrera iturri gisa soilik aztertu: funtsezko elementua da autonomia eraikitzeko, etxebizitza bat eskuratzeko eta etorkizuna proiektatzeko.

Soldatak garrantzitsua izaten jarraitzen du, baina jada ez da erreferentzia bakarra. Tratu ona, lan-giroa, kontziliazioa, osasun emozionala eta norberaren bizitzaren gaineko erabakimena gazteek lanaren truke espero duten ordainsariaren parte dira. Denbora ere enpleguaren kalitatea neurtzeko irizpide bihurtu da. % 70,6k nahiago luke gutxiago irabazi eta denbora libre gehiago izan; % 79,6k, berriz, baztertu egiten du lanak beti lehentasuna izan behar duela, horrek denbora libreari uko egitea dakarrenean.

KOOPERATIBEN KONTSEILUAren ustez, erronka ondorio horiek praktika zehatz eta hautemangarri bihurtzea da: benetako eragina izateko gaitasuna emango duen parte-hartzea, lidergo errespetuzkoak, informazio gardena, ahaleginaren aitortza, benetako berdintasuna, kontziliazioa eta garatzeko aukera argiak. Eta enpresa kooperatiboak prest daude erronka horri aurre egiteko.

Migratzaileen talentua integratzea eta haien gaitasunak aitortzea

Migratzaileen laneratzea da KOOPERATIBEN KONTSEILUAk egindako azterketaren beste ardatz nagusietako bat. Azterketak agerian utzi ditu titulazioak homologatzeko zailtasunak, jatorrizko herrialdeetan eskuratutako lan-esperientziaren aitortza eskasa eta kualifikazio handiko lanpostuetara iristeko oztopoak.

Egoera horri erantzuteko, kooperatibei laguntza juridikoa eskaintzea erraztea, lantaldeen kulturarteko gaitasunetan prestakuntza indartzea eta dagoeneko martxan dauden aliantzak eta laneratzeko programak baliatzea proposatzen da.

Bere ikerketetan, KOOPERATIBEN KONTSEILUAk gazteek zein migratzaileek partekatzen duten eskaera bat identifikatu du: eragiten dieten konponbideen protagonista izatea. Balio hori erabat lotuta dago enpresa kooperatiboarekin, eta bat dator kudeaketan parte hartzeko, ordainsarien elkartasunerako, interkooperaziorako, gizarte-eraldaketarako eta hezkuntzarako printzipioekin.

Kooperatiben Kontseilua Logoa
Privacy Overview

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu kontsumitzaileari ahalik eta esperientzia onena eskaintzeko asmoz. Cookie informazioa zure bilatzailean gordetzen da funtzio zehatz batzuk betetzeko, hala nola, gure webgunera itzultzean zu ezagutaraztea eta zuretzat gure webguneko atal interesgarri eta erabilgarrienak identifikatzeko.