Patxi Olabarria Kooperatiben Kontseiluko presidenteak Foroaren edizio berriaren aurkezpenean parte hartu du. Azaroan, estatuko eta nazioarteko hainbat eragile bilduko dira bertan, Gizarte Ekonomiak erronka ekonomiko eta sozial handiei egin diezaiekeen ekarpena aztertzeko.
Kooperatiben Kontseiluak ASETT Nazioarteko II. Foroaren aurkezpenean parte hartu du Donostiako Miramar Jauregian. ASETT – Arizmendiarrieta Social Economy Think Tank-ek antolatutako topaketaren bigarren edizioa azaroan egingo da, Gernikan eta Donostian.
Aurkezpenean Espainiako Gobernuko, Eusko Jaurlaritzako, Kataluniako Generalitateko, CEPESeko, MONDRAGONeko, Kooperatiben Kontseiluko, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Donostiako Udaleko eta Nazio Batuen Local2030 Koalizioko ordezkariek parte hartu dute, ASETTeko lantaldearekin batera.
ASETT Nazioarteko II. Foroak galdera nagusi bat izango du abiapuntu: zer ekarpen egiten ari da dagoeneko Gizarte Ekonomia, eta zer ekarpen egin diezaioke ekonomia osoak behar duen eraldaketari? Horretarako, besteak beste, lehiakortasunarekin, desberdintasunarekin, etxebizitzarekin, zaintzarekin, finantzaketarekin, eraldaketa teknologikoarekin eta lanaren etorkizunarekin lotutako erronkak jorratuko dira.

Patxi Olabarria: «Lehiakortasuna eta gizarte-kohesioa ez daude elkarren aurka»
Aurkezpenean, Patxi Olabarria Kooperatiben Kontseiluko presidenteak euskal kooperatibismoaren garrantzia eta eragina nabarmendu ditu, eta ohiko adierazle ekonomikoetatik harago doan lehiakortasunaren ikuspegia aldarrikatu du.
«Lehiakortasunak produktibitatea, inbertsioa eta berrikuntza barne hartzen ditu, baina horiekin batera txertatu behar ditugu interkooperazioa, errotzea, elkartasuna eta erantzukizuna ere. Lehiakortasuna eta gizarte-kohesioa ez daude elkarren aurka».
Horrela, Olabarriak eredu kooperatiboa bereizten duten hainbat baliotan jarri du arreta, baita garapen ekonomikoari eta lurraldeen kohesioari ekarpena egiteko duen gaitasunean ere.
Ekonomiaren etorkizunaz hausnartzeko nazioarteko topagunea
Foroak zortzi esparru tematiko izango ditu: lehiakortasuna, finantzaketa, lege-esparrua, nazioarteko lankidetza, ikerketa eta prospektiba, inklusioa, osasuna eta etxebizitza. Saio horietan gaur egun martxan dauden esperientziak aztertuko dira, ikasitakoak partekatu eta Gizarte Ekonomiaren eragina handitzeko beharrezko baldintzen inguruan hausnartzeko.
Bigarren edizioak, gainera, nazioarteko dimentsioa indartuko du ELGAren eta Nazio Batuen Local2030 Koalizioaren lankidetzarekin. Brasil izango da herrialde gonbidatua, Europako eta Latinoamerikako Gizarte Ekonomiaren ekosistemen arteko esperientzia eta ezagutza trukea sustatzeko.
Kooperatiben Kontseilua ASETT bultzatzen duen erakunde- eta enpresa-ekosistemaren parte da, Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioarekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Kataluniako Generalitatearekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Donostiako Udalarekin, CEPESekin eta MONDRAGONekin batera.


