KOOPERATIBEN KONTSEILUAk eta KONFEKOOPek munduko kooperatibismoaren urteko hitzordu nagusian parte hartu dute, beste herrialde batzuetako erakundeekin harremanak estutzeko eta aurrean dituzten erronka komunen inguruan hausnartzeko. Agendaren barruan, kooperatiba arloko eta erakunde arteko hainbat topaketa egin dituzte Panaman eta Costa Rican.
KOOPERATIBEN KONTSEILUA –Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua– eta KONFEKOOP –Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa– erakundeetako ordezkaritza bat Nazioarteko Kooperatiba Aliantzaren (NKA) Munduko Konferentzian eta Batzar Nagusian parte hartzen ari da egunotan, Patxi Olabarria eta Rosa Lavín erakundeetako presidenteak buru direla. Mundu osoko kooperatiba-mugimenduko ordezkariak bildu dira Panama Hirian.
Euskal ordezkaritzak nazioarteko hitzordu honetan parte hartzeak aukera ematen du euskal kooperatibismoaren esperientzia eta lidergoa balioan jarri eta nazioartean ezagutarazteko, baita NKAren erabaki-organo nagusietan euskal ordezkarien presentzia indartzeko ere. Agendak Costa Rican izango du jarraipena, erakundeekin egingo diren hainbat topaketarekin eta kooperatibetara egingo diren bisitekin, harremanak estutu eta lankidetzarako bide berriak aztertzeko helburuarekin.
Euskal ordezkaritzak irailaren 13tik 18ra bitartean egiten ari den hitzorduan parte hartu du. «Zubiak eraikitzen» lelopean, nazioarteko kooperatiba-mugimenduko ordezkariak bildu dira bertan. Topaketak saio, mahai-inguru, tailer eta esperientziak trukatzeko gune ugari eskaintzen ditu, nazioarteko kooperatiba-mugimenduaren erronka eta aukera nagusiak hizpide hartzeko.
Iñigo Albizuri, NKAren Administrazio Kontseiluko kide berrautatu dute
Munduko Konferentziaren barruan egindako Nazioarteko Kooperatiba Aliantzaren (NKA) hauteskunde Batzar Nagusiak Ariel Guarco berretsi du erakundeko presidente, eta Administrazio Kontseilua berritu du 2026-2030 agintaldirako.
Hautatutako 15 kideen artean Iñigo Albizuri dago berriz ere. Haren berrautaketak euskal kooperatibismoak NKAren zuzendaritza-organoetan duen ordezkaritzari jarraipena ematen dio, eta kooperatiba-mugimenduaren estrategia globalen definizioan duen parte-hartzea indartzen du.
Albizuri MONDRAGON Korporazioko Harreman Publiko Globalen zuzendaria da, baita KONFEKOOPeko Kontseilu Errektoreko eta KOOPERATIBEN KONTSEILUAren Osoko Bilkurako kidea ere. Panaman dagoen euskal ordezkaritzan honako hauek ere parte hartzen dute: Mikel Larrea KONFEKOOPeko zuzendariak; Belen Balerdi KOOPERATIBEN KONTSEILUAko idazkari teknikoak; Pablo Durana KONFEKOOPeko nekazaritza eta elikadurako sektore-taldearen koordinatzaileak; eta Helena Gorroño NKAren Gazteria Batzordeko Batzorde Exekutiboko presidenteordeak.
Euskal kooperatibismoaren nazioarteko proiekzioa indartzea
KOOPERATIBEN KONTSEILUAk eta KONFEKOOPek enpresa-, politika- eta erakunde-mailako misio honetan parte hartzea euskal kooperatibismoaren nazioarteko dimentsioa indartzeko, beste herrialde batzuetako erakundeekin harremanak zabaltzeko eta kooperatiba-mugimenduaren agenda globala markatzen duten eztabaidetan aktiboki parte hartzeko apustuaren barruan kokatzen da.
Gune horiek esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko, aliantza berriak sortzeko eta lehiakortasunarekin, enpresa-eraldaketarekin, talentuarekin, jasangarritasunarekin edo lurraldearekiko errotzearekin lotutako erronka komunei heltzeko aukera ematen dute. Era berean, euskal kooperatibismoaren esperientzia nazioartean ezagutarazten laguntzen dute, eta Euskadi bere ingurunearekin konprometitutako kooperatiba-eredu sendo eta berritzailearen garapenean erreferente gisa sendotzen dute.



