Skip to main content

Kooperatiben Nazioarteko Egunaren testuinguruan, KOOPAKETAren bigarren edizioa egin da Donostian, eta, bertan, KOOPERATIBEN KONTSEILUAK berretsi du gazte kooperatibistekin konpromisoa hartzen duela, eta etorkizuneko kooperatibismoa finkatzeko balioko duen sare sendo eta erakargarria eraikitzen lagunduko diela.

Bigarren edizio honetan, KOOPAKETAn ehundik gora gazte elkartu dira, eta belaunaldi erreleboaz, eraiki nahi dituzten bizi eredu berriez eta lana ulertzeko moduaz hitz egin dute
bertan. Gaur egun 2.500 kooperatiba aktibo baino gehiago daude, eta kooperatiba horiek zuzeneko 60.000 enplegu baino gehiago sortzen dituzte eta EAEko BPGaren %10 dira, 12.000 milioi euro
baino gehiagoko fakturazioarekin. Kooperatibistei dagokienez, milioi eta erdi baino gehiago direla kalkulatzen da; hau da, euskal biztanleriaren %70ek nolabaiteko harremana du kooperatibismoarekin.

Baina datu horiek, gainera, inpaktua dute, KOOPBEHATOKIA, Euskadiko Kooperatiben Behatokia, agerian uzten ari den bezala. Tresna horri esker, agerian geratu da kooperatiba gehien duten eskualdeek gizarte kohesioaren adierazle hobeak dituztela: errenten desberdintasun tasa txikiagoak, genero arrakala txikiagoa soldatetan, pobreziaren eragin txikiagoa eta urteko batez besteko errenta handiagoa.

Datu horiek gero eta gehiago izan daitezen eta kooperatibismoak lurraldearen garapen ekonomiko eta sozialari egiten dion ekarpena ere gero eta handiagoa izan dadin, begirada belaunaldi berriengan jarri behar da.

Berriki, Kooperatiben Kontseiluak ikerketa soziologiko bat egin du gazte euskaldunek lanaz duten pertzepzioari buruz eta horrek eredu kooperatiboari dakarzkion erronkei buruz. Ikerketak konpromiso faltaren inguruko mitoak gezurtatzen ditu, eta argi uzten du gazteak esfortzuak egiteko oso prest gaudela, baldin eta bidezko saria eta etorkizuneko egonkortasuna jasotzen badute. Paradigma aldaketa bat ikusten da: enplegua jada ez da identitatearen ardatz nagusia, eta orain oreka emozionala, kontziliazioa eta denbora librea lehenesten dira.

Gazte euskaldunek gaur egun bilatzen dituzten balioak ezin hobeto lerrokatuta daude balio kooperatiboekin.

Horregatik, Kooperatiben Nazioarteko Egunean, zorionak eman nahi dizkiegu gaur kooperatibak osatzen dituzten pertsonei eta etorkizun hurbilean kooperatibekin bat egingo dutenei.

 

Kooperatiben Kontseilua Logoa
Privacy Overview

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu kontsumitzaileari ahalik eta esperientzia onena eskaintzeko asmoz. Cookie informazioa zure bilatzailean gordetzen da funtzio zehatz batzuk betetzeko, hala nola, gure webgunera itzultzean zu ezagutaraztea eta zuretzat gure webguneko atal interesgarri eta erabilgarrienak identifikatzeko.