Skip to main content

KOOPERATIBEN KONTSEILUAren eta KONFEKOOPen iraileko nazioarteko agendaren barruan Costa Ricara bisita egin dute. Herrialdea erreferentea da kooperatibismoa sustatzeko, bultzatzeko eta ekintzailetza kooperatiboa garatzeko politika publikoen arloan.

Panaman Nazioarteko Kooperatiba Aliantzaren (ACI) Munduko Konferentzian parte hartu ondoren, euskal ordezkaritza Costa Ricara joan zen. Euskal kooperatibismoa mundu mailako erreferentea izanik, KOOPERATIBEN KONTSEILUAk eta KONFEKOOPek Costa Ricako eredu kooperatiboa ere gertutik ezagutu nahi izan zuten, kooperatibismoa sustatzeko, bultzatzeko eta ekintzailetza kooperatiboa garatzeko politika publikoetan egindako ibilbideagatik nabarmentzen baita.

Euskal ordezkaritzak bertatik bertara ezagutu zituen Costa Ricako hainbat enpresa kooperatibo. Industria, nekazaritzako elikagaien eta banaketaren sektoreetan diharduten enpresa horiek argi erakusten dute kooperatibismoak pertsonen bizitza eraldatzeko duen gaitasuna, eta, aldi berean, nazioarteko merkatu zorrotzean lehiatzen dira.

Euskal ordezkaritzak Costa Rican izandako agenda trinkoaren barruan, COOPESA R.L. bisitatu zuen, hegazkinak konpontzeko zerbitzuetan diharduen munduko autogestio-kooperatiba bakarra; baita COOPEAGRI ere, Costa Ricako nekazaritza-, merkataritza- eta zerbitzu-sektoreetan liderra den enpresa kooperatiboaren eredua.

Pertsonekiko eta lurraldearekiko konpromiso-balio sendoak dituzten bi ekimen horiek ezagutzeaz gain, KOOPERATIBEN KONTSEILUAk eta KONFEKOOPek sektoreari laguntzeko, hura sustatzeko eta ordezkatzeko mekanismoei buruzko esperientziak ere partekatu zituzten Costa Ricako sustapen- eta ikerketa-erakundeekin eta elkarteekin.

Horrela, KOOPERATIBEN KONTSEILUAko presidente Patxi Olabarriak Euskadiko Kooperatiben Kontseiluaren berezitasunak azaltzeko aukera izan zuen erakundeetako ordezkarien aurrean. Izan ere, izaera publiko-pribatua duenez, erakunde bakarra da kooperatibismoaren munduan.

Programa instituzionala Costa Ricako Batzar Legegilean egindako lan-jardunaldi trinko batekin osatu zen. Bertan, osasunaren eta elektrifikazioaren arloko kooperatibetako ordezkariek, erakunde akademikoek eta kooperatibismoarekin lotutako beste hainbat eragilek parte hartu zuten. Jardueraren hainbat esparruri eta kooperatibek garapen ekonomiko eta sozialean duten zereginari buruzko esperientziak eta ikuspegiak partekatzeko gunea izan zen.

Eredu kooperatiboaren erreferenteetako batera egindako nazioarteko misio honi esker, KOOPERATIBEN KONTSEILUAk eta KONFEKOOPek aliantzak sortu, jardunbide egokiak partekatu eta euskal kooperatibismoaren esperientzia nazioartean proiektatu dezakete. Era berean, Euskadi enpresa-eredu kooperatibo sendo, berritzaile eta ingurunearekiko konprometituaren garapenean erreferente gisa sendotzen laguntzen du.

Kooperatiben Kontseilua Logoa

Privacy Overview

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu kontsumitzaileari ahalik eta esperientzia onena eskaintzeko asmoz. Cookie informazioa zure bilatzailean gordetzen da funtzio zehatz batzuk betetzeko, hala nola, gure webgunera itzultzean zu ezagutaraztea eta zuretzat gure webguneko atal interesgarri eta erabilgarrienak identifikatzeko.