Skip to main content

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak babesa eman dio Ekiola proiektuari, energiaren sektoreko eredu parte hartzaile bati balioa emateagatik

EEEk (Energiaren Euskal Erakundeak) eta KREAN ingeniaritzak bultzatutako ekimenaren arduradunek energia kontsumoko tokiko kooperatibak sortzeko duten proposamena azaldu diote EKGKren Osoko Bilkurari.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 14a. Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak bertatik bertara ezagutu ditu Ekiola Energia Sustapenak-en xehetasunak. Energia jasangarria sortzeko herritarren kooperatibak sustatzeko ekimen publiko-pribatua da Ekiola Energia Sustapenak.

Ekiola EEEk eta KREAN ingeniaritzak sustatu dute, eta ekimenaren arduradunek Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren Osoko Bilkurari aurkeztu diote proiektua, aste honetan, Arabako Teknologia Parkean. Aurkezpenean izan dira batetik, Iñigo Ansola, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia, eta, bestetik, Asier Etxabe eta Carlos Beracierto, KREANen ordezkari gisa, eta Amagoia Barandiaran, Ekiola Energia Sustapenak erakundeko zuzendaria.

EKGKko presidente Patxi Olabarriak babesa agertu dio Ekiolari, “Kooperatiben ereduari balioa emateko aukera bat delako”. Horregatik, osoko bilkuraren izenean, Olabarriak proiektuaren sustatzaileei adierazi zien kooperatiben mugimendua prest dagoela eredua behar bezala ezartzen laguntzeko.

Energiaren sektorean kooperatibak sortuta beste bultzada bat ematen zaie kooperatibismoak sustatzen dituen balioei, hau da, partaidetzaren, jasangarritasunren eta berrikuntzaren balioei. Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren osoko bilkurak oso positibotzat jo du tokiko kooperatibak izatea, horietan kontsumitzaileek zuzenean parte hartzen baitute kudeaketan, eta, beraz, lurraldean errotzea ere sustatzen baita.

Ekiolak ere aholkularitza eskatu zion EKGKri kooperatiba horiek gizartean integratutako enpresa gisa eratzeko, “beren balioak gal ez ditzaten eta haien helburua elkartasunean oinarrituta egon dadin. Eta hemen kooperatiben mugimenduak protagonismo handia du proiektu handi bat egin ahal izateko”.

ekiola