KOOPERATIBEN KONTSEILUAk eta KONFEKOOPek Euskadiko gazteak elkartu dituzte enpresa kooperatiboaren inguruan dituzten proposamen eta motibazioak ezagutzeko
Larunbatean, hilak 6, Kooperatiben Nazioarteko Eguna izango da, eta “Kooperatibek etorkizun hobea eraikitzen dute pertsona guztientzat” leloarekin ospatuko da eguna
KOOPERATIBEN KONTSEILUAK eta KONFEKOOPek gogoeta jardunaldi bat antolatu dute ‘Gazteria euskal kooperatibismoaren aurrean’ izenburupean, gazteek beren lanarekin lotuta dituzten beharrak ulertzeko. Euskadiko hogeita hamar gazte inguruk, ikaslek eta kooperatibistek, lan munduarekiko dituzten beharrak eta itxaropenak jakinarazi dituzte lan saio batean; izan ere, lan saio horren helburua izan da enpresa kooperatiboen lekukoa hartuko dutenei egokitzeko eredu kooperatiboak heldu beharreko etorkizuneko erronkak identifikatzea.
Pertsona horiek euskal gazteria heterogeneoa ordezkatzen dute, profil eta ibilbide desberdinak baitituzte, baina beren lantokiak izan beharreko ezaugarriak aukeratzeko garaian dituzten lehentasunak, ordea, berdinak dira.
Hauek dira belaunaldi berriei oraingo edo etorkizuneko lanari dagokionez gehien axola zaizkien lau ezaugarriak: gestioan eta erabakiak hartzean parte hartzea bultzatzea, errespetua eta elkartasuna sustatzea, emaitzen aurretik pertsona lehenestea eta enpresa proiektuak gizartean eragin positiboa izatea. Hain zuzen ere, enpresa kooperatiboetan oso presente dauden ezaugarriak dira, eta autogestioa, berdintasuna, parte hartzea, elkartasuna eta demokrazia balioekin erabat lerrokatuta daude.
Kooperatibismoari buruz ezagutza maila desberdinak izan arren, parte hartu duten gazteak bat datoz esatean kooperatiba dela enpresan parte hartzea hobekien errazten duen forma juridikoa, bai erabakiak hartzean, bai gestioan. Pertsonak aukera izatea enpresan entzuna izateko eta enpresaren antolaketan eta erabaki garrantzitsuenetan parte hartzeko eta enpresak elkartasuna eta gardentasuna sustatzea oso alderdi baloratuak izan dira topaketan parte hartu duten kooperatibisten artean, eta alderdi horiek ere nahiko lituzkete oraindik lan bizitza hasi ez duten gazteek.
Enpresa ehunak gizartean duen eragin positiboari dagokionez, parte hartzaileek uste dute enpresa askoren elementu komuna dela, baina kooperatiben kasuan haien DNAren parte dela, kooperatibek berdintasun erreala eta eraldaketa soziala lortzen laguntzen baitute.
Eragin hori soldata duin batean ere ikusi behar da, ulertuta soldata duina dela konpromisoaz gain ekarpenak eta ahaleginak aitortzen dituena, euskal gazteen aldarrikatzen duten moduan. Gainera, soldata hori pertsonaren balioarekin eta proiektu kooperatiboari zein bere erantzukizunei egiten dien ekarpenarekin bat etorri behar da, eta ez hainbeste adinarekin.
“Pertsona gazteenak erakartzeko modurik onena haiei entzutea da, eta baieztatu dezakegu enpresa kooperatiboa dela lanerako gomendatzen den alternatibarik hoberena, kooperatibak kalitatezko enpleguarekin lotzen baitira, eta haietan kontziliazioa eta parte hartzea funtsezko elementuak baitira”, adierazi du Patxi Olabarria KOOPERATIBEN KONTSEILUKO presidenteak.
Lan saio honen ondoren, ikusi da “euskal gazteek erakundeetan ahotsa izan nahi dutela, eta erabakietan parte hartu ere nahi dutela, horrek dakarren erantzukizunari uko egin gabe”; beraz, hori ikusita, mugimendu kooperatiboak begirada estrategiko horrekin jarraituko du. “Gure gazterian fokua mantentzen jarraituko dugu KOOPERATIBEN KONTSEILUAn eta KONFEKOOPen, haien eskaerei erantzuteko eta euskal mugimendu kooperatiboaren garapenean ekintzaile izan ahal izateko eta laguntzeko behar dituzten tresna eta ingurune egokia eskaintzeko”, adierazi du Rosa Lavin KONFEKOOPeko presidenteak.
Uztailaren 6a, Kooperatiben Nazioarteko Eguna
“Kooperatibek etorkizun hobea eraikitzen dute pertsona guztientzat” da uztailaren 6an, larunbata, ospatuko den Kooperatiben Nazioarteko Egunaren leloa, egunaren helburua baita mugimendu kooperatiboak ekonomiari eta gizarteari egiten dizkion ekarpenak nabarmentzea. Egun horrek bultzada hartzeko eta 2025erako bideari ondo ekiteko balio du, NBEk Kooperatiben Nazioarteko Urtea izendatu baitzuen urte hori.
Egun hau mundu osoan ospatzen da duela mende batetik, eta garrantzi berezia du Euskadin, kooperatibismoak duen inpaktuagatik, izan ere, Euskadin 2.000 enpresa kooperatibo baino gehiago daude, eta kooperatiba horiek zuzeneko 62.000 enplegu baino gehiago sortzen dituzte eta 12.000 milioi euro fakturatzen dituzte, EAEko BPGaren %10 izanda. Milioi eta erdi kooperatibista baino gehiagorekin, Euskadiko biztanleriaren %75ek Euskal Herriko kooperatibismoarekin nolabaiteko harremana duela kalkulatzen da.
Hain nabarmen den egun honetan, euskal kooperatibek, eta munduko gainerakoek ere, etorkizun hobe bati laguntzen dion enpresa gisa dituen estandar altuak balioesten dituzte. Horregatik, aurtengo leloarekin erabat baieztatzen da hazkunde jasangarri eta inklusiboa lortzeko kooperatibek egiten duten ekarpena, ingurumenarekin, berdintasun errealarekin eta ekitatearekin konpromisoa hartu beharraz jabetuta, eta gazteengan konfiantza dutela erakutsita, gazteak etorkizuna baitira.
Argazki albuma: Gazteria euskal kooperatibismoaren aurrean