Skip to main content

Kooperatiben Kontseiluak eta KONFEKOOPek aintzatespen berezia egin zieten Bidegintza eta Ediren kooperatibei eta Leire Mugerza Mondragon Korporazioko Batzorde Iraunkorreko lehendakariari, «kooperatibismoan aukera-berdintasunari eta Euskadiko emakumeen ahalduntzeari egindako ekarpenagatik».

«Emakumeen garapen profesionala eta lidergoa bermatzeko enpresa-politikak garatzen jarraitu behar dugu enpresa kooperatiboetan» esan zuten KONFEKOOP-Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko lehendakariak, Rosa Lavínek, eta Kooperatiben Kontseiluko idazkari nagusiak, Belen Balerdik, martxoaren 8an Gasteizko Goiuri jauregian egindako omenaldian.

Hirugarren urtez jarraian, Kooperatiben Kontseiluak eta KONFEKOOPek Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatu dute martxoaren 8an, «Kooperatiba gehiago, berdintasun gehiago» lelopean. Oraingoan, honako hauei egin zitzaien omenaldia: Bidegintza familia eta gizabanakoarentzako zerbitzu-kooperatibari, Ediren osasun-kooperatibari eta Leire Mugerza Mondragon Korporazioko Batzorde Iraunkorreko lehendakariari. «Kooperatibismoan aukera-berdintasunari eta Euskadiko emakumeen ahalduntzeari egindako ekarpenagatik» egin zitzaien gorazarre.

Erakunde-inaugurazioan, Idoia Mendia Cueva bigarren lehendakariordea eta Lan eta Enpleguko sailburua izan zen buru. Ekitaldia hasi ondoren, ekitaldiko aurkezleak, Vanessa Sánchezek, bideo batzuk aurkeztu zituen. Saritutako kooperatibek eta pertsonak berdintasunaren arloan egindako ekarpenen berri eman zuten bideo horiek.

Ondoren, emozioz betetako aintzatespenak eman ziren. Bidegintzaren aldetik, Kontseilu Errektoreko kide Mónica Morantek jaso zuen saria. Ediren kooperatibaren aldetik, Beatriz Fernández Corres lehendakaria eta Idoia Madarieta Aguirre, lehen lehendakaria izandakoa, igo ziren agertokira. Halaber, Leire Mugerzari egin zitzaion aintzatespena, bere ibilbide profesionalagatik, erantzukizuneko karguetan beste hainbat emakumeri ateak ireki dizkion aitzindaria izan baita. Mondragonen Kongresuko Batzorde Iraunkorreko lehendakaria da Mugerza, eta 25 urtetik gorako ibilbide profesionala du enpresa kooperatiboetan.

Ekitaldiko anfitrioiek, Kooperatiben Kontseiluko Belén Balerdik eta KONFEKOOPeko Rosa Lavínek, honako hau adierazi zuten beren hitzaldian: «Kooperatibismoan eta feminismoan balio berak ditugu: berdintasuna eta justizia. Hori dela eta, enpresa kooperatiboen ereduak berdintasunezko gizarterantz aurrera egiteko aukera ematen digu».

Ildo horretan, bermatu zuten bi erakunde horiek ekintzak bultzatzen jarraituko dutela, printzipio horien alde egiteko, eta lagunduko dutela enpresa-eredu berdinzaleago bat lortzen, emakumeekin bidezkoagoa izango dena; izan ere, «kooperatibismo gehiago, berdintasun gehiago».

Hauek izan ziren ekitaldian: Bakartxo Tejeria Otermin, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria; Maider Etxebarria, lehen alkateordea eta Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saileko zinegotzia, eta Nerea Melgosa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, beste agintari batzuekin eta hainbat erakundetako ordezkariekin batera.

Bidegintza

Bidegintza Alde Zaharra elkartea 1988an sortu zen, Bilboko Zazpikaleetako gazteen egoeraz kezkatutako zenbait pertsonak bultzatuta.

Talde horrek, errealitatearen irakurketa etengabean eta kontrastatuan oinarrituta, zenbait ekimen dinamizatzen ditu, antzemandako zein adierazitako beharrizanei erantzuteko. Ekimen horietako baten ondorioz, 1998an, Esku-hartze Komunitarioko Taldea sortu zen.

2013an, BIDEGINTZA elkarteak bere forma juridikoa aldatu zuen; alde batetik, egitura juridiko sendoa, profesionala, parte-hartzailea eta kudeatzen arina izateko, eta, bestetik, proiektuari elkartasuna, inplikazioa eta erantzukizuna emateko. Horrela sortu zen gizarte-ekimeneko BIDEGINTZA S. COOP. sozietatea.

BIDEGINTZAk 5. barrutiko herritarren garapen pertsonala eta komunitarioa sustatzen du, baita bere jarduna garatzen duen Bilboko beste auzo batzuetako herritarrena ere, betiere kontzientzia hartzean eta norbanakoaren zein komunitatearen parte-hartzean eta protagonismoan oinarritutako lan komunitarioaren ikuspegia ardatz hartuta.

Ediren

Ediren kooperatiba Gasteizen dago, eta laguntza pertsonala eta garapen soziala uztartzen dituen osasun-eremu bat eskaintzen du.

Pertsonen osasun fisikoa eta mentala hobetzeko proposamen-sorta zabala jartzen du profesionalen, partikularren eta era guztietako erakundeen eskura. Adin guztietarako diseinatutako zerbitzuak eskaintzen ditu, hala nola esku-hartze terapeutikoak, prebentiboak eta prestakuntzakoak, banakako eta/edo taldeko espazioetan.

Edirenen misioa pertsonen osasuna eta ongizatea garatzen laguntzea da, esku-hartze profesional terapeutikoen, gizarte- eta hezkuntza-mailakoen eta prestakuntzakoen bidez, eraldaketak sustatuko dituzten elementuak emanez.

Horretarako, profesionalei, partikularrei, kolektiboei, enpresei eta erakunde publiko zein pribatuei eskaintzen dizkiete beren jarduerak.

Ibilbidearen Saria: Leire Mugerza

Leire Mugerzak (Mutriku, 1976) Ingeniaritza Mekanikoko ikasketak egin zituen Mondragon Unibertsitatean, eta, 1998an, Bizkaiko Eika kooperatiban hasi zuen bere karrera profesionala. Kooperatiba horrek industria-arloan dihardu, eta Mugerzak hainbat funtzio garatzeko aukera izan zuen hartan. Kalitatearen eta Sistemen zuzendaria izan zen, eta, aldi berean, kooperatibako Kontseilu Errektoreko lehendakaria.

2008an, Mondragon Taldearen Ezagutza Arloan dagoen Lea Artibai Ikastetxea kooperatiban jarraitu zuen bere ibilbidea, eta, gaur egun, hain zuzen, Mondragon Taldean egiten du lan. Gainera, 2012az geroztik, Eroski kooperatibako Kontseilu Errektoreko lehendakaria da. Eroskiko bazkide kontsumitzailea ere bada.

2022. urtearen hasieran, Mondragonen Kongresuko Batzorde Iraunkorrak Mugerza izendatu zuen organo horretako zein Kongresuko lehendakari. 2012az geroztik izan da Batzorde Iraunkorreko kide, eta, lehendakari izendatu ondoren, kargu hori betetzen duen lehen emakumea da.

argazki-albuma.